Atzo, urriaren 14an, Leire Barañano, Euskorporaren zuzendari nagusia, gonbidatua izan zen gure lana, izaera, helburuak, dugun lan-esparrua aurkezteko… European Language Data Space-k (LDS) eta Europako Batzordeak (EB) antolatutako ekitaldi batean, Barcelona Super Computing-ekin (BSC) lankidetzan, Bartzelonan.
Egun osoan zehar aukera izan genuen sakonean ezagutzeko gaur egun martxan dauden ekimen desberdinak Europako esparruan. Halaber, lehen eskutik ezagutu ahal izan genuen beste erakunde publiko, enpresa edo ikerketa-zentroen lanen aurkezpena.
Sektore honetako beste enpresa eta erakundeen lana hurbil ikusteak erakutsi digu guztiok oztopo berdinei aurre egin behar diegula. Horregatik, lankidetza bultzatu behar dugu, merkatuaren beharrak ondo aztertu eta eragile desberdinen artean, kalitatezko corpus digital bat sortu eta haren aplikazio zehatzerako dauden behar desberdinei aurre egin behar diegu.
Euskorporan bide horretan gaude, datuen sorkuntza-prozesuan, balio-kate desberdinen beharren identifikazioan eta horiei aurre egiteko beharko ditugun ezagutzen eta lankidetzen identifikazioan eta koordinazioan.
Erronka bat da eta tipologia desberdinetako lan asko dago aurretik, baina eremu guztiak beharrezkoak dira: ikerketa, industria, administrazioa, akademia… eta bide horretan aurkitzen gara.
Ohore bat da nazioarteko bilera-serie honetan parte hartzeko gurekin kontatzea, non Europako lankidetza bultzatzen den eta elkarrekin hausnartzeko eta ikasteko aukera ematen diguten. Eskerrik asko Euskorporan egiten dugun lana eta forma ematen ari garen ekosistema balioestearren.
