
OHIKO GALDERAK

Zure zalantzak argitzen ditugu.
Atal honetan gure inguruko galdera ohikoenei erantzunak aurkituko dituzu. Bilatzen duzun informazioa aurkitzen ez baduzu, info@euskorpora.eus helbidera idatz diezagukezu eta pozik lagunduko dizugu.
Zer da Euskorpora?
Irabazi-asmorik gabeko elkartea da, euskararen corpus digitala modu aktiboan sortu eta dinamizatzera bideratua, hizkuntza-baliabide digitalen Europako esparruarekin lotuta dagoena.
Zertarako sortu da Euskorpora?
Hizkuntza-baliabideetan ondo hornitutako hizkuntzen eta halakorik ez dutenen arteko arrakala murrizteko sortu da; izan ere, hizkuntza nagusiekin baldintza beretan teknologia digitalen garapen azkarrera iritsi ezin diren hizkuntzek desagerpen faktikoari aurre egiteko arriskua dute. Euskorpora-k euskararen presentzia digitala sustatu eta bermatzen du, Euskararen Corpus Digitala modu aktibo eta metodikoan sortuz.
Nori zuzentzen zaio sortzen den corpusa?
Corpusa enpresen, administrazioaren eta gizartearen eraldaketa digitalaren zerbitzura egongo da.
Nor da Euskorpora-ren parte?
Euskorpora-n bazkideak eta kolaboratzaileak ditugu. Gure webgunean informazio gehiago eskatzeko formularioa dago. Edozein erakunde, enpresa, euskal sareko eragile edo beste edozein antolakundek, figura bakoitzak zer suposatzen duen jakin nahi badu, gurekin harremanetan jar daiteke eta prozesuari nola ekin jakin dezake.
Elkartea irekita dago kalitate- eta lege-estandar egokiak jarraituz euskararen corpus digitalaren garapenean lagundu nahi duten bazkide eta kolaboratzaile berriak hartzeko. Elkartean parte hartzearen helburua merkatura eta pertsonen egunerokora iritsiko diren soluzioak sortzen laguntzea da.
Zein da Euskorpora-ren gobernu-organoa?
Batzar Nagusia da; bertan bazkideek parte hartzen dute eta Euskorpora-ren Plan Estrategikoa balioztatzen dute.
Zertarako balio du euskarazko corpus digitalak?
Euskara gizartearen eskura dauden adimen artifizialeko garapen berrietan txertatzeko, eta euskaraz lan egin nahi duten enpresen zerbitzura jartzeko, beren eguneroko kudeaketa-tresnetan eta/edo gizartearekiko, bezeroekiko eta interes-taldeekiko komunikazio- eta harreman-prozesuetan euskara txerta dezaten.
Zein motatako kolaboratzaileak behar ditu Euskorpora-k?
Lankidetzak ugariak eta askotarikoak izan behar dira. Balio-kate desberdinetako enpresak behar ditugu (industria, energia, osasuna, elikadura…), erakunde publikoak (justizia, osasuna, hezkuntza…), I+G+b arloan espezializatutako euskal sareko eragileak (unibertsitateak, zentro teknologikoak…), etiketatze eta transkripzio enpresak, AA ereduak garatzen dituzten enpresak, itzulpen-enpresak, zabalkunderako eragileak…
Zer dakar eduki espezializatuetatik abiatuta corpus digitala sortzeak?
Corpus digital bat testu-bilduma egituratu bat da, idatzizkoak, ahozkoak edo multimodalak, formatu digitalean. Hori sortzeko, hainbat iturritatik (zientzia, justizia, osasuna, industria…) datuak bildu behar dira. Datuak eskuratu eta formatu estandarretara bihurtu ondoren, etiketatu egin behar dira, metadatuak gehitu (data, egilea, iturria) eta hizkuntza-anotazioak txertatu. Testuak behar bezala etiketatuta daudenean, katalogo bat sortzen da, non datuak gai-kategorien, etiketen eta testuen arteko erlazioen arabera sailkatzen diren. Hori guztia jabetza intelektualaren eskubideak, pribatutasuna eta anonimizazioa errespetatzen dituzten baimen egokiekin egiten da.
